XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaita-eguna Bastidan

Urte buru batetik besterat ainitz besta izaiten da segur eskuin eta esker.

Batto nahi dugu hemen aipatu, guziz herrikoia izan beharra delakotz, asteburu huntan ospatuko dena.

Helduden larunbatean iraganen da Bastidako herri pollitean eta hori da Gaita-Eguna.

Besta horren aurkezpena Baionan egin delarik, joanden egunean, Bastidako auzapeza, Leopold Darritchon, bera ere han zen eta aski kartsuki erran du atsegin handia zuela Euskal-Herriko gaitero frango Bastidarat hola jin behar-eta...

Aurtengo Gaita-Eguna bosgarrena izanen da Iparraldean.

Jadanik muntatua izana da Baigorrin, Uztaritzen, Donibane Lohizunen eta Saran.

Orai Bastidaren aldi beraz eta huna nola joanen den egun goxo hori: goizean, ikastaldia gaitarekin trebatu nahi dutenentzat, Xabier Lacunza Iruñeko gaitero famatuaren inguruan.

Aratseko 7-etan, herriko etxean, gaitero guzieri auzapezak eskaini ongi etorria.

Aratseko 9-etan, herriko kiroldegian, Inessa de Gaxen deitu biltokian, kontzertua.

Hor entzunen dira lehenik Baigorri, Donibane Lohizune eta Uztaritzen gaita eskoletan dabiltzanak.

Gero, dotzena bat gaitero andana, mugaren bi aldetakoak, Uztaritzeko txaranga lagun.

Hor izanen da ere Xuberotik Mixel Etxekopar txanbelarekin...

Txanbela gaitaren idurikoa izanki, nahiz ez arras berdina.

Goiti ari

Biziki ttipitua izanik, gaitaren arrakasta berriz goiti joana da azken hogoita-hamar edo berrogoi urte huntan...

Gaita musika tresna Nafarroan da ezagutuenik bainan beste probintzietan ere erroak azkartu zaizkio emeki emeki.

Gaitaren hobeki ezagutarazteko eta gehiago maitarazteko egina da preseski Gaita-Eguna, denbora berean gaiteroek berek ere elgar hobeki ezagut dezaten eta denen artean lokarri anaikor batzu emenda diten...

Julian Romano

Bastidako Gaita-Eguna eskainia izanen zaio omenaldi gisa Julian Romano Ugarte nafartar gaitero zenari.

Izen hori arrotza bada ainitzendako, on da orroitaraztea iragan mendeko gaitero handienetarik izan zela.

Gaitarekin gaurko egunean oraino usu emaiten diren aire frango, ederrenetarik, harek muntatuak dira edo harek apainduak.

Duela ehun urte hil baitzen, gaiteroek mendeburu hori dute ohoratzen eta Herri-Soinulariak elkarteak ere, Bastidako egun berezi hori xutik ezarriz, parte hartzen du omenaldi hortan.

Julian Romano-ren ohoretan da ere muntatua erakusketa bat Nafarroan gaindi ikusten ahalko dena ondoko hilabetetan bainan apiril huntan berean gure Iparraldean, aste batez, 9-tik 16-rat, Beloken, ondokoan Uztaritzeko Lota jauregian eta bestean berriz Baigorrin.

Bestalde, kantu bat eta gaitarekin eman musika zati batzu grabatu beharrak dituzte mendeburu horren karietarat.

Izanen da ere ikusgarri berezi bat, Baigorrin estreinatuko dena preseski, apirilaren 25-ean, Nafarroaren Eguna muntatzen duten igandearekin.

Bestalde, Julian Romano-ri omenaldi bat gaitza egitekoa dio helduden abendoan Lizarra hiriak, han sortu baitzen 1831-an.

Anartean, hor dugu Bastidako Gaita-Egun hori, gaiteroen entzuteko bai eta Julian Romano-ren gehixago ezagutzeko.